XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hygrocybe intermedia (Pass.) Fayod.

Sin.: Hygrophorus intermedius Pass.

Eusk.: Ezko marraduna.

Fran.: Hygrophore intermediaire.

Ez da espezie arrunta Euskal Herrian.

Hygrocybe gehienak bezala berankorra da, Azarotik aurrera ernetzen da neguko lehenengo hotzaldira arte, kare-lurretan eta mendiko larreetako belar artean.

Espezie hau ertaina da, bere txapelak 7 cm-ko diametroa izan dezake, koniko-kanpanulatua da, bere azala lehorra eta matea, kolore hori-laranjatua, dititik ertzera doazen kolore gorrixkako zuntzexka erradialez osatua.

Orriak goranzkoak dira, ia libreak, sabeldunak, ez oso hertsiak eta kolore horixkakoak.

Hanka 8-10 x 1-1,5 cm-koa da, oinalderantz estutua eta azala lehorra, hori-laranja kolorekoa eta luzekako zuntzexka gorrixkaz estalia eta oinaldea zurixka-horia eta puntan amaitua.

Mamia lodi samarra, samurra, kolore zurixka-horixkakoa, baina kutikularen eta hankaren azpian laranjatua, zapore gozoa eta usainik gabea da.

Espora eliptikoak, leunak, hialinoak eta ez amiloideak.

Garrantzi praktikoa: Jangarri kaxkarra da, hemen ez da batere preziatua.

Hygrocybe obrussea oso antzekoa da bai neurrian bai kolorean eta habitat bera du;

aldea txapelean dago, lehorra eta zuntzexkatsua izan arren, zuntzexka horiek ez dira gorriak, hori-laranjatuak baizik;

orriak zurixkak dira eta ez horixkak.

Era berean Hygrocybe punicea (I. tomoa, 92. or.) nahiko antzekoa da, aldea txapelean dago ez baita konikoa, kanpanulatua baizik, gorri-eskarlata kolorekoa eta margul samarra eta bere azala likatsua eta ez lehorra, nahiz eta bere hanka nahiko antzekoa izan.